Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Alboan eta Entreculturas GKEek Kongoko Errepublika Demokratikoko emakumeen borrokaz ohartarazi dute. Muturreko indarkeriak eta lekualdatze behartuak markatutako errealitatea da, baina baita erresistentziak eta itxaropenak eragindakoa ere.
Kongoko Errepublika Demokratikoak hamarkadak daramatza interes geopolitikoei eta bere baliabide mineralen ustiapenari lotutako gatazka jasaten. Bere lurraldean munduko koltanaren %80 dago, gailu elektronikoak egiteko funtsezko minerala. Baliabide hauetan aberatsa den Kivu eskualdea da indarkeriaren epizentroa.
M23 talde armatuak Goma hiria eta Kivu probintziaren zati handi bat hartu berri ditu eta horrek egoera larriagotu du. 5.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, milaka pertsonak ihes egin dute euren etxeetatik, eta oraindik ere uraren, elikagaien eta elektrizitatearen gabeziari aurre egin behar diote. Emakumeak, testuinguru horretan, bereziki zaurgarriak dira.
Emakumearen gorputza, gerrako arma
Kongoko EDko ekialdean, indarkeria sexuala beldurrezko estrategia gisa erabiltzen dute. Milaka emakume eta neskato bortxatu eta torturatzen dituzte urtero, komunitateak suntsitzeko eta erresistentzia saiakera oro geldiarazteko helburuarekin. Emakumeek ekonomia informala, hezkuntza eta familiaren zaintza sostengatzen duten gizartean, “talde armatuek emakumearen gorputzaren gaineko gerra libratzen dute, herritarrak errenditzeko konbentzitzen saiatzen baitira. Emakume bat suntsitzean komunitatea ezegonkortzen da”, Caddy Adzuba Kongoko abokatuaren hitzetan.
Julienne Baseke bertako kazetari eta ekintzaileak ideia horretan sakontzen du: “emakumeak jomugan daude, indarkeria sexuala estrategia militar gisa garatzen dute. Emakumeak suntsitu behar dira etsaia ahultzeko.”
Emakumeak martxan: duintasunaren aldeko borroka
Indarkeria gorabehera, emakumeek eutsi egiten diote. “Adorez aurkitu genituen, eraldatu ahal izateko konpromiso horrekin. Beren buruari esaten diote ezagutu duten min deskribaezinak indartsuago egiten dituela eta motibatu egiten dituela gure alabak konprometitzen jarraitzera, hurrengo belaunaldiek hortik pasa behar ez izateko” dio Basekek.
Bere aldetik, Caddy Adzubak dio hainbeste izugarrikeria eta etsipenaren artean “beste emakume batzuen eskubideen defendatzaile gisa eratu diren emakumeak ere badaudela. Borrokatu egiten dira, eta gizateria osoak haien historia ulertzea nahi dute”.
Alboan eta Entreculturas giza eskubideen defendatzaileekin eta biktimak babestu eta ahalduntzeko atsedenik gabe lan egiten duten tokiko erakundeekin batera daude. Lau arlo nagusi ditu:
- Akonpainamendu psikosoziala: laguntza psikologikoa eta ahalduntze tailerrak.
- Bizibideen defentsa: hezkuntza eta prestakuntza eskura izatea diru-sarrerak sortzeko.
- Laguntza psikosanitarioa: osasun-zerbitzuetarako sarbidea eta laguntza psikologikoa.
- Eragin politikoa: tokiko eta nazioarteko sentsibilizazioa emakumeen egoerari buruz.
Duela zazpi urtetik, “Mujeres en marcha” programak sexu-indarkeriatik bizirik atera direnen errekuperazio fisiko eta emozionala bultzatzen du. 400.000 emakume eta neskato baino gehiago indarkeria armatuaren biktima izan diren herrialdean. Orain, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Alboan eta Entreculturas erakundeek Kongoko emakumeekin duten konpromisoa eta justiziaren, duintasunaren eta bakearen aldeko borroka berretsi dute.