Emakumearen Nazioarteko Egunean, Kongo Errepublika Demokratikoan (RDC) genero-indarkeriaren aurkako borrokan urtebetea bete dugu, Alboan, Entreculturas, Cinfa eta FEPSI bertako erakundearen arteko aliantzari esker.

Urtebete igaro ondoren, Kongoko Errepublika Demokratikoan (KED) generoan oinarritutako indarkeriaren bizirauleak diren emakume eta neskatoentzako arreta psiko-medikoa babesteko aliantza horren balantzea egiteko ordua iritsi da.

Etorkizun esperantzagarria
Akordioan jasotzen da laborategiak 300.000 euro emango dituela dohaintzan hiru urtetan, 2023tik 2025era, eta diru hori periferiako osasun-zentroen sarea indartzeko erabiliko dela, adierazitako emakumeei eta, oro har, KEDeko gatazka armatua dela-eta lekualdatutako herritarrei arreta emateko. Horrez gain, sexu-indarkeria gerrarako arma gisa erabiltzen denez, eskualdean GIB/hiesaren arazo larria dago, eta horrek eremu horietako zaurgarritasuna areagotzen du. Hortaz, programak horretarako diagnosia eta tratamendua ere barne hartuko ditu. Zehazki, esku-hartzearen lehenengo urtea igarota, 15.000 pertsonaren osasunerako eskubidea hobetu da osasun-sarea indartzearen ondorioz.

Helburu hori lortzeko, Alboanek eta Entreculturasek FEPSI beren erakunde aliatuarekin lan egiten dute Butembon, Ipar Kivuko probintzian, KEDeko ekialdean. Erakunde horrek ospitale bat du, eta herrialde osoan zeharreko estatuko osasun-egiturekin zein osasun-egitura pribatuekin lan egiten du osasun-zerbitzuak eta zerbitzu psikosozialak eskainiz 23.000 pertsonari baino gehiagori.

Ekimena ‘Emakumeok Martxan’ programaren esparruan sartzen da. Programa horren helburua da Afrikako eta Erdialdeko Amerikako herrialdeetan mugikortasun behartuko egoeran dauden emakumeen eta neskatoen autonomia fisikoa eta emozionala berreskuratzea. Alboaneko zuzendari exekutibo Mary Tere Guzmánek azaldu duen moduan, ‘Emakumeok Martxan’ duela zazpi urte sortu zen, indarkeria sufritu duten edo sufritzen ari diren emakume eta neskato lekualdatu, errefuxiatu eta migratzaileei laguntzeko. Programaren bidez, horien ahalduntzea babesten dugu, zaurgarritasun-egoeratik euren bizitzaren jabe izatera irits daitezen; eta, horretarako, arreta psikologikoa eta medikoa ematen diegu, prestakuntza eskaintzen dugu, diru-sarrerak sortzeko jarduerak abiarazten ditugu eta emakumeen antolakuntza eta lidergoa sutatzen ditugu”.
Cinfako presidente Enrique Ordieresen hitzetan, “ezinbestekoa da mundu osoan emakumeei eragiten dieten desberdinkeria eta indarkeriazko egoerak agerian jartzea eta horiei buruz kontzientziatzea. Gizarte gisa, gure erantzukizuna da elkarrekin aurrera egitea horrelako egoerak murrizten dituzten eta pertsona guztientzako –horien generoa edo jaiotza-lekua kontuan izan gabe– bizitza duina bermatzen duten proiektuen bidez. Eta horregatik sortu zen aurreko urtean Alboanekiko eta Entreculturasekiko aliantza hori; eta emaitzak jasotzen hasi gara jada”.